Zarautz

Narros jauregia

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Zarauztarrak arro egon daitezke bere herrian Euskal Herriko eraikin sorginduenetakoa dutelako, Narros jauregia ezaguna da barruan gertatzen diren bitxikerien kondairengatik

95 botoak

Santa Maria elizaren parean eraikia, Zarautzko Narros jauregia itsasoaren indarraren testigu izan da bost mendez. Zarautzko hondartzaren parean eraikia dago, lehen ilaran. Getaria aldetik etortzen diren bisitariek ikusten duten Zarautzko lehen eraikina Narros jauregia da.

XVI. mendearen amaieran eraikia, Isabel II.ak urte askotan udak igarotzeko aukeratu zuen jauregia izan zen. Zarautzera iritsi ziren noble eta erregeek goi mailako gizartearen turismoa bultzatu zuten. Zarautzera gero eta noble gehiago iritsi ziren. Narrosko markesa, Maria Cristina erregina, Alfonso XIII.a, Albako dukea edota Belgikako Balduino eta Fabiolak Zarautz aukeratu zuten oporraldiak igarotzeko.

Nobleak pasatzeaz gain, Narrosko jauregian margolan famatuak gorde ziren, besteak beste, Diego Velazquezek margotutako lau erretratu egon ziren zenbait urtetan bertan gordeta.

Zarauz izeneko familia izan zen Narros jauregia eraiki zuena. Zarauztarrak hemen bizi izan ziren, horregatik irakur dezakegu “Zarauz antes que Zarauz” esaldia eraikinean. Familia honen desioz eraikinak estilo ingelesa jarraitu zuen eraikuntza egiterakoan. Baina, estilo ingelesa nabariagoa da eraikina inguratzen duen lorategian.

XIX. mendean berritu zen eraikina. Garai horretan, alboetan dituen pabiloiak gehitu ziren, gaur egun, oraindik, bertan jarraitzen dute pabiloiek.

Baina Narros jauregia ez da ezaguna bere arkitekturagatik, bertan gertatu diren gertakari bitxiek eta elezaharrek ezagutarazi dute jauregia Zarautzetik kanpo. 1572an gertaturikoa da eraikina gehien markatu duen kondaira. Elezaharrak dionez, herrira naufrago bat iritsi zen, noble ingeles bat, Frantzian gertatu zen San Bartolome gauetik ihesi iritsi zena. Hugonotea zen bera, eta katolikoek egindako hilketatik ihes egitea lortu zuen. Egoera txarrean iritsi zen Zarautzera eta okerrera egin zuen. Azkenik, apaiz katoliko batengandik oliadura jasotzeari uko egin eta gero, hil egin zen gela urdina deritzotenean.

Kondairaren arabera, hugonote honek etxekoei pozoia ematea leporatu zien. Bertan lo egin dutenek diote abuztuaren 24an (San Bartolome gauaren urteurrenean), gela urdinean soinuak entzuten direla. Kate soinuak, kexak eta ohiuak dira nagusi gau beldurgarri horietan. Luis Coloma jesuitak 1912an dokumentatu zituen soinu arraro horiek El salón azul con sus vivencias idatzian.