Zestoa

Lili jauregia

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Lili familiaren azken memoria bezala geratzen da Zestoan dagoen Lili jauregi hau

51 botoak

Zestoako bailarari estuki lotua dago Lili jauregiaren historia. Lili familiak eraikitako jauregi hau Zestoa bisitatzen duen ororentzako erreferente bat da.

Lilitarrak egurrari eta burdinari esker aberastu ziren. Familiak Zestoa inguruko nekazaritza lurrak, basoak eta ibaiak kontrolatzen zituen. Bere aberastasuna jauregi honetan erakutsi nahi izan zuten. Ulertu beharrekoa da eraiki zenean burdina material arraroa zela, beraz, eraikuntzan erabiltzeak maila gorenekoa izatea adierazi nahi zuen. Leiho, ate edo egituretan erabili zen burdina.

Lilitarrak ez ziren gerlariak, Gipuzkoan gertatu ziren Bandoen gerrateetan posizio neutrala mantentzea erabaki zuten. Oñaz eta Ganboatarrengandik urrunduta, inguruko lurrekin negozioa egiten hasi ziren.

Bandoen gerrateak amaitutakoan dorretxe moduko eraikinak ia ez ziren eraikitzen, horien ordez jauregiak hasi ziren eraikitzen. XV eta XVI. mendeetan eraldatu zen Lilibea dorretxea, gaur egun ezagutzen dugun Lili jauregia bihurtuz.

Ondorengo mendeetan lilitarren ondarea handituz joan zen. Lilitarren armarria diseinatu zen, noblezia tituluak lortu zituzten eta, ezkontzen bitartez Lili maiorazkoa sortu zen.

Urolako ekonomia hobera joan bitartean, Lili familiak beste familia batzuekin borrokatu behar izan zuen estatus ekonomikoa mantentzeko. Bailarako ur beroak San Millaneko markesaren esku geratu ziren eta lilitarrak Zestoatik urruntzen hasi ziren. Lili jauregia gero eta egoera okerragoan zegoen eta, azkenean, lilitarren familia desagertu egin zen 1760an, Vicente de Lilik Conde de Alacha titulua bereganatu zuenean, berarekin batera familiaren izena aldatuz.

XVIII. mendean jauregiak baserri funtzioa betetzen zuen. Mantentzea horren garestia izanik eraikinaren zati handi bat erabili gabe geratu zen. Lehengo lilitarren ondorengoek errenta kobratzen zuten jauregian bizitzeagatik, baina ordurako ez zuten inolako erlaziorik lur haiekin.

2000. urtea baino lehen, guztiz abandonatua geratu zen eraikina. Urte horretan Zestoako udalak eta Ekain Fundazioak bereganatu zuten eta mantentze, berrikuntza eta gestio lanekin hasi ziren. Gaur egun, garai bateko irudia berreskuratze bidean dago Lili jauregia.