Donostia-San Sebastián

Kursaal jauregia

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Ireki zenetik, Donostiako kultura jardueren bihotza bilakatu da Kursaal jauregia. Musika, antzerki, gastronomia edo zinemak hemen du aurkezteko leku aproposa

180 botoak

1999an eraikia, Kursaal jauregia Donostiako, eta Gipuzkoa osoko, eraikin deigarrienetakoa da. Auditorio handi batez, kamara sala batez, erabilera anitzeko hainbat gelez eta erakusketa aretoez osatutako eraikina dugu Kursaal. Rafael Moneo arkitektoak egindako eraikina da eta Urumearen bokalean kokatzen da.

Urteak igaro ziren 1972an Kursaal Handia itxi zenetik. Gaur egunean auditorioa kokatzen den leku berean lehenik Kursaal izeneko beste eraikin bat zegoen. Jauregi historiko horretan Donostiako kasinoa kokatu zen, egun Alde Zaharrean dagoena. Eraikin hura bota zutenean, hutsune bat geratu zen Zurriola hondartzaren eta Urumea ibaiaren artean. 20 urte baino gehiago igaro ostean, gaur egun Kursaal bezala ezagutzen dugun jauregia jarri zen martxan.

Moneok aurkezturiko proiektua ibai inguruan dauden arrokak imitatzen saiatzen da. Kubo itxura emanaz, Kursaal jauregiak bi bloke handi ditu: bata auditorio nagusia, 1.800 lagunetik gora sartzen diren lekua, eta bestea kamarako sala, 600 bat lagunentzat. Eraikinaren helburua zen Donostiari erabilera anitzeko espazio moderno bat eskaintzea.

Kursaal jauregiaren estilo modernoa ez dator bat Donostian nagusi den frantziar tankerako arkitekturarekin. Ibai ondoan dagoen kuboa, bietatik handiena, kontzertuak, hitzaldiak, film proiekzioak, antzezlanak edo operak antolatzeko baliagarria da. Bertan 1.800 lagunetik gora sartzen dira, eta mota horretako Donostiako aretorik handiena da. Kubo txikian kamarako sala dago, 600 bat lagunentzat eta tamaina txikiagoko eszenatokiarekin. Kubo txikia ekitaldi txikiagoetan erabiltzen da.

Lurpean dago Kursaal eraikinaren beste alderdi garrantzitsua: erakusketa aretoak, bilera gelak eta erabilera anitzeko gelak. Feriak, kongresuak edo erakusketak antolatzen direnean Kursaalen, hemen egiten dira. Kanpoaldean bi terraza handi daude,  Jazzaldian eta Aste Nagusian kontzertuak antolatu ohi dira bertan. Bestalde, eraikinaren aurrealdean dendak daude, azpialdean aparkalekua eta ibaiaren aldean Andoni Luis Aduriz-ek zuzenduriko jatetxea.

Eraikinaren fatxada da deigarriena. Kristalez egindako bi kubo handik osatzen dute Kursaal. Kristalezko horma horietan ohiko bilakatu da mezuak proiektatzea. Gehienbat donostiarrei egun edo ospakizun garrantzitsuak iragartzeko, hala nola, Eguberriak, Zinemaldia, Jazzaldia, Urte Berria, Ihesaren nazio eguna, etab.  Irudi horiek ibaiaren aldera ematen duen fatxadan proiektatzen dira.

18 urte hauetan Kursaal Donostiako kultura jardueraren bihotza bilakatu da. Kursaalen Musika Hamabostaldia, Zinemaldia, San Sebastián Gastronomika edo Jazzaldia antolatzen dira. Urtean zehar Donostiara inguratzen diren abeslari, musika talde edota antzerki talde garrantzitsuenek Kursaalen eskaintzen dituzte beren emanaldiak.