Zerain

Jauregi etxea

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Zeraingo herriak hainbat eta hainbat puntu interesgarri ditu, baina horietan interesgarrienetakoa Jauregi etxea da

166 botoak

Zerain goitik zaintzen du Jauregi etxeak. Lehendik bertan zegoen gaztelu baten lekuan eraikia, Euskal Herrian geratzen diren dorretxe tradizional handienetakoa da hau. Esan daiteke ere, Zeraingo herriko sinbolo bilakatu dela.

Kareharriz eraikitako zatia, dorretxe originalaren aztarnak aprobetxatuz, eraikuntzaren alderdi deigarriena da. Jauregi itxurarekin eraikia dago. Eraikin handia da Jauregi etxea, itxura boteretsua dauka eta Gipuzkoako eraikin tipikoen patroiak jarraitzen ditu bere arkitekturak.

Harria eta egurra nahasten dira Jauregi etxean. Hiru solairu ditu eta beheko solairu bat ere. Beheko solairua da, batez ere, aurretik bertan zegoen dorretxearen lekukoa. Beheko zati horretan ikus dezakegu defentsarako helburuarekin egindako eraikinaren zatia, hortik gorakoak garaiko baserrien itxura du.

Arku gotiko baten azpian dago eraikinaren sarrera nagusia. Arku horretan “Ave Maria llena eres de gracia, bendícenos” irakurri daiteke. Arku horren gainean Zeraingo armarri zaharrena ikus dezakegu. Armarriaren ondoan inork ulertzea lortu ez duen irudi bat dago. Zenbait interpretazioren arabera, itzaltzen ari den eguzki baten irudia eta zortzi puntako izarrez inguratua dagoen ilargi laurden bat ikus ditzakegu. Eraikinari misterio puntu bat ematen dion elementua da, dudarik gabe, ikur bitxi hori.