Irun

Irungo udaletxea

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Hondarribiko herriarekin izandako istiluen ostean eraiki zen Irungo udaletxea. 1763an amaitu zen bere eraikuntza, eta ordutik ez du galdu gaur egun duen itxura dotorea

723 botoak

Gipuzkoako udaletxe gehienak bezala, Irungoa XVIII. mendeko eraikina da. Barrokoa nabari daiteke eraikuntza guztian. San Juan Harria plazan kokatua dago, hau da, hiriaren erdi-erdian.

1756an hasi zen eraikitzen, Fernando VI.aren erregealdian. 7 urte geroago amaitu zen eraikuntza, Carlos III.aren erregealdian. Ate nagusiaren gainean dagoen medailoian Carlos III.aren aurpegia azaltzen da.

Irungo udaletxea eraikitzeko urte asko pasa behar izan ziren. 14 urtez Hondarribiko herriarekin istiluak eduki eta gero hasi zen eraikuntza prozesua. Garai hartan ezin zen harrizko eraikinik egin, inguruan estrategikoki Hondarribiak baitzuen lehentasuna harrizko eraikinak egiteko. Defentsarako behar handiagoa zegoen Hondarribian, beraz, Irunek itxaron behar izan zuen. Azkenean, erregeek eta Hondarribiko herriak baiezkoa eman zioten Irungo herriari udaletxea eraikitzeko.

Kubo perfektuaren itxurarekin, Irungo udaletxea herriko eraikin deigarrienetakoa da. Fatxada nagusian simetria eta dotoretasuna dira nagusi. Portikoa puntu erdiko bost arkuz osatua dago. Horren gainean balkoia ikus dezakegu, eta portikoaren barruan Irungo armarria.

Deigarria da ere teilatuaren erdian ikus daitekeen dorrea. Teilatuak barrualdera argia sartzen uzten du, modu naturalean eraikuntzaren barrualdea argituz. Kanpoko dotoretasuna ere barrualdean ikusten da. Sarreran kokatua zegoen harrizko eskailera orain udaletxearen albo batean dagoen Jesus kalean dago kokatua. Orain, egurrez egindako eskailera handia ikus dezakegu.

Sala nagusia argitzeko zortzi leihoz osatutako bidriera daukagu. Leiho bakoitzeank Euskal Herria osatzen duten zazpi probintzien armarrietako bat  dago,  baita Irungo armarria ere. Kupularen erditik kristalezko lanpara eder bat jaisten da.

Gerra Zibilean Irun erre zenean, udaletxea bertan geratu zen, sutetik  salbu. Hasiera batean, ondoko etxeei erantsita zegoen, baina suteak gaur egun erakusten duen itxura bakartia eman zion.

Deigarria da irundarrek etorkizuna ikusteko izan zuten gaitasuna. Irunek zuen tamainarako eraikin handiegia zen udaletxea. 2.000 biztanleko herri batek ez zuen behar 50.000 biztanleko hiri baten tamainako udaletxea, baina urteak aurrera joan ahala Irun handituz joan zen, eraikuntzaren prestazioak egokiak zirela erakutsiz.