Beasain

Igartza jauregia

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Euskal Herrian egurrez egindako jauregi handiena Beasainen dago. Igartza jauregia Igartza Monumentu Multzoa osatzen duen eraikuntzetako bat da egun

278 botoak

Erdi Aroan eraikitako jauregia da Igartzakoa. Mendeak aurrera joan ahala kanpotik eta barrutik erabilera berrietara egokitzen joan da. XVI. mendearen hasieran eraiki zen, bertan zegoen dorretxe baten lekuan. Egun ikusgarri dira dorretxearen oinarria eta zimenduak Igartza jauregiaren parean kokatzen den lorategian.

Lauki itxurako eraikuntza da Igartza jauregia. Erdian duen patio baten inguruan eraikitako eraikina dugu. Deigarria da goiko solairuko egurrezko egiturak harriaren gainean nola deskantsatzen duen ikustea. Egurra da, bestalde, eraikinari balioa eransten dion elementua, Euskal Herriko egurrezko jauregi handiena izanik hau.

Beheko solairuak ez du ia leihorik. Goiko aldean, ordea, leihoak dira protagonista. Eraikinaren beharrak ikusi daitezke leihoei erreparatuz, beheko aldea defentsarako pentsatua zegoen, goiko aldea bizitzeko leku gisa utziz.

Eraikineko gela guztiak erdialdean dagoen patioaren inguruan egin ziren, horrela, denak barrutik kanporako norabidean eraiki ziren. Ez dago barruko gelarik. Teilatuaren hegala eusten duten habeen dekorazio zainduak dotoretasuna ematen dio eraikinari.

Egurra ez zen mota horretako eraikinak egiteko material gogokoena, baina Beasain inguruan aurki daitezkeen haritzondoak erabili ziren. Haritzondo asko daude inguruan eta horrek eraikuntza prozesua erraztu zuen, kanpotik harriak ekarri beharrean, bertako materialak erabili baitziren.

2007 eta 2010. urteen artean eraikuntza berritu zen. Gaur egun bisitarako lekua da eta garai bateko itxura dotorea berreskuratu du.