Zarautz

Dorre Luzea

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Zarautzek harresirik ez zuenez, defentsarako bi dorre eraiki behar izan zituen. Dorre Luzea eta Dorre Laburra estilo gotikoko dorretxeen eredu dira, nahiz eta dorretxe itxura baino gehiago jauregi itxura izan

260 botoak

XV. mendeko eraikuntza da Dorre Luzea. Kontserbazio egoera paregabean dagoen dorretxea da Dorre Luzea. Garai batean Zarautz babesteko erabili zen dorrea, bere tamaina handiak etsaiak aurreikusteko aukera ematen zuen, defentsarako dorre itzela izanez.

Gipuzkoan dauden jauregi-dorre motako adibide onenetakoa da Dorre Luzea. Kareharriz eginda dago. Lizardi eta Basarri bertsolarien omenez egindako parkearen alboan kokatzen da Dorre Luzea.

Hiru solairu ditu, beheko solairuaz gain. Beheko aldean leiho gotikoak eta Zarauz familiaren armarria ikus ditzakegu, nahiz eta hau ez den ongi kontserbatzen egun. 1923an egindako berrikuntza lanen barruan, Yribar arkitektoak esan zuenez, armarrian gaztelu bat, lehoi bat, zuhaitz bat eta basurde bat ikusten ziren. Egoera hobean daude barrualdean dauden XVI. mendeko margolanak.

Dorre Luzea defentsarako dorre aproposa zen, Zarautzek ez baitzuen harresirik. Dorre Laburrarekin batera herriaren zaintza lanak egiten zituzten dorre hauek.

Dorre Luzea XV. mendean Enrique IV.ak agindutako defentsarako dorretxeen kentze prozesutik kanpo geratu zen. Nahiz eta defentsarako erabilera izan, kanpoko itxura dotoreak, jauregi tankerakoak, bertan mantentzeko aukera eman zion. Defentsarako zeuden elementuak bertan utzi ziren eta eraikinak ez zuen aldaketarik jasan behar izan.