Hondarribia

Carlos V.aren gaztelua

Gipuzkoako eraikuntza paregabeak

Egun paradore moduan funtzionatzen duen arren, garai batean Hondarribiko herriaren defentsarako beharrezkoa izan zen Carlos V.aren gaztelua

639 botoak

Hondarribiko herriak betidanik izan du defentsarako beharra. Muga ondoan egonda, gazteluak, gotorlekuak eta harresiak beharrezkoak ziren. Defentsarako helburuarekin eraiki zen herriko puntu garaienean gaur egun Carlos V.aren gaztelua bezala ezagutzen dugun eraikina.

Hasiera batean, Nafarroako Sancho Abarcak egin zuen hemen bere gaztelua. XII. Mendean, Nafarroako beste errege batek handitu zuen, Sancho VII.ak, “Indartsua” bezala ezagutzen zenak. Alfonso VIII.ak Gipuzkoa bereganatu zuenean, gaztelu itxura eman zion eta gaur egun ezagutzen dugun gazteluaren lehen harriak ipini zituen. Errege Katolikoen garaian berritu zen, baina Carlos V.a izan zen gaur egun duen itxura emango zion erregea.

Itxura zorrotzeko eraikina da, pareta zabalekin egina eta harriz eraikia. 2 eta 3 metroko paretak ditu lauki zuzen itxurako eraikuntza honek. Eraikuntzaren handitasunak eta indarrak Txingudiko badian aurki dezakegun eraikuntza deigarrienetakoa egin dute.

Urteetan zehar gaztelu eta jauregi moduan funtzionatu zuen. Erdialdea Erdi Arokoa da, patioa eta guzti. Erdiko puntu horretatik kanpora zabaltzen joan zen urteetan zehar. Fatxada nagusian ezinezkoa da elementu deigarririk aurkitzea, Carlos V.ak ez baitzuen horrelako gaztelurik nahi. Sarrerako atearen tamainak atentzioa deitzen du txikia baita. Atearen gainean armarri inperiala aurki dezakegu, bi buruko arranoarekin.

Eraikina esku pribatuetara pasa zen, baina, 1929an, Hondarribiko Udalak erosi zuen Maria Cristina erreginaren aginduz. Erreginak, 1928an, Hondarribia bisitatu zuen eta ezin izan zuen sinetsi eraikuntzak erakusten zuen itxura zatarra.

1966an, Udalak Estatuaren esku utzi zuen eraikina. Informazio eta Turismo Ministerioak eraikina berritu zuen eta Turismo Paradore izateko egokitu zuen. Gaur egun Paradore moduan jarraitzen du Carlos V.aren gazteluak.